KOTILUNGORRIAK

(Manuk idatzitakoa)

(http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1139932886 web orrialdetik hartua, moldatua eta zuzendua)

Lau egunetan ospatzen dituzte Uztaritzen Inauteriak. Lehenengo hiruretan eskaerak egiten dira. Personaia finko batzuk joaten dira etxez etxe dantza egin eta etxekoek emandakoa jasotzen. Hiru egun hauek Igande Inauteria orduko Igandea, Igande Inauteria bera eta egun honen bezpera izaten dira.

Astearte Inauteria Zanpantzar paseatu eta gero erretzen den eguna da.

Aipatutako lehen hiru egunotan dantzariak desfilean joaten dira batetik bestera.

Desfile honetan Kaskarot, Ponpiera eta Kotilungorri deitzen direnek hartzen dute parte. Kaskarotak, izatez, dantzariak dira. Alkandora eta praka zuriak dituzte, txapel brodatua, gerriko zabal morea eta praken bi alboetan koloreetako zintak josita, irudiak egiten. Eskuetan bina makilatxo. Mutilak izaten dira, hamarren bat. Talde hau joaten da lehena martxan, musikariak dituztela atzean.

Ondoren Ponpiera eta Kotilungorriak doaz. Ponpiera antzinako bufoien antzera dago jantzita, aurpegian karatula gorria darama eta eskuetan sorgin-artaziak.

Kotilungorriak dira guztien artean ikusgarrienak, bi izaten dira. Gona gorria dute soinean, praka zurien gainetik, artilezko jaka zuria eta koloreetako mantala, zeinaren poltsikoan airera eta jendeari botatzeko errautsa daramaten; eskuan, ostera, makila daramate, bertatik zintzilik behi-buztana; buruan txano luze piramidala eta gerrian zintzarri ugari eskegita; aurpegia tela gorrizko maskara batez estalia, aho eta begiak bistan dituztela. Pertsonaia hauek umeak beldurtzen ibiltzen dira. Honez gain etxekoek emandako eskudirua batzen dute.

Sei-zazpi orduz etxerik etxe ibili ondoren, txokoren batera abiatzen dira jatera guztiok.

Antzina, herri hauetan, bi talde desberdin kaleratzen ziren. Batzuek arropa zahar eta zarpailez jantzita, barre eragiteko dantzak egiten zituzten. Algaraka, garrasika edo abesten ibiltzen ziren. “Zirtzilak” zuten izena. Besteek itxura garbi eta dotoreko jantziz mozorrotzen ziren. Talde honetakoak ziren Kotilungorriak eta Ponpiera, beste batzuen artean. Jaun, Anderea eta Hartza ere izaten ziren talde honetan.

Astearte Inauterian Zanpantzar (Saint Pansart) agertzen da gurdi gainean Uztaritzeko kaleetan zehar. Lastoz betetako panpina handia dugu berau, herrian zehar ibili ondoren epaitua, kondenatua, fusilatua eta errea izaten dena.

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: